Menoyo anaien matxinada

Larunbata, 1855eko apirilaren 28a

Hogei lagun inguru bildu dira Arespalditzan bazkaltzeko. Ordaindu ostean, ezpata, pistola eta trabukoak ateratzen dituzte eta, ‘Viva Carlos VI!’ oihukatzen, badoaz Amurriorantz, batzuk zaldiz eta beste batzuk oinez.

Haien buru doa Fernando Menoyo, Fernandón ezizenez ezaguna, gizon “fornido y valeroso”, Menagarain bizi den  kontrabandista.

Eta bere alboan doaz anaia Félix eta Delikako gazte bat, abizena Larrieta daukan ikaslea. Haiekin batera, Gaztelatik etorritako arlote eta abenturazale batzuk, Burgos inguruan altzatu diren karlisteekin bat egiteko.

Arratsaldeko 6ak dira Saturnino Pradera eta Ignacio Velasco guardia zibilak Mendeikatik Saratxora doan bidetik Araube bidegurutzera heltzen direnean. Bat-batean, norbaitek tiro egiten du sasi artetik; Pradera lurrean dago, odolez, bala bat sabelean. Laster hil egingo da.

Konturatu baino lehen, Velasco harrapatuta dago, armarik gabe, eskuak lotuta, gatibu daramate lau lagunek. Belauniko jartzen dute, akabatuko dutelakoan. Odol hotzez ez dugu inor hilko, esaten du Larrietak. Beraz, Lendoñogoitin “las Barrerillas” deituriko bidea hartu eta aldapa gora doaz lau bahitzaileak eta gatibua.

“Habiendo pasado los demás adelante por una senda por donde no podían ir más que a la desfilada” (Senda Negra izango litzateke ziurrenik), Velascok sokatik askatzeko eskatzen du eta horrela egiten dute han ihesbiderik ez delakoan.

Baina badago ihesbidea: guardia zibilak salto egiten du eta sakanetik behera erortzen da. Oihuak eta tiroak entzuten dira baina Velasco onik dago, zauririk gabe, eta pago artean ezkuturik ihes egiten du. Gauak “Peña Vieja”ko bidean harrapatzen du; han behean dago Urduña, ihes egitea lortu du.

Ignacio Velascok Senda Negratik behera bere burua botatzen zuen bitartean, Menoyo anaiek eta taldeko beste kideek Urkilloko ostatuan bilatuko dute gaua pasatzeko lekuren bat. Hurrengo egunean, Amurrion sartzen dira Prudencio Sopelana komandante karlista ohiaren bila traidore gisa ikusten dutelako. Baina ez dago herrian.

Erretes Tudelan daukate hurrengo geltokia. Han lapurtzeko gogoak ase egin eta gero, Aiara utziko dute behin betiko. Horregatik, Gasteiz eta Bilbotik etorritako tropek ezin izango dute taldea aurkitu; Burgosera joan dira Mariano Hierrok burutzen duen taldearekin bat egiteko. “La partida de los Menoyo”  maiz agertzen da egunkarietan.

Handik egun gutxira, Urruela deituriko bat Amurrioko epaile aurrean aurkezten da. Erreteseko lapurketan parte hartu nahi ez zuena eta taldea utzi zena.

Uztailean, Larrieta Burgosen fusilatuko dute.

Irailean, Fernando Menoyo Arespalditzan ikusi dutela diote batzuek, Hierrorekin batera. Baina arrastorik gabe desagertzen da.

1856ko otsailean, Santiago Terreros Lantenoko La Blanca auzoan bizi denak bere burua aurkezten du Artziniegako plazan, berak Erretesen ez zuen lapurtu oihukatzen. Egunkariek diotenez, Menoyoren taldeko azkena da. Baina Fernandorekin zer gertatu den ez da inon agertzen.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s