Aldamako kondea eta Aldama auzoa

Normalean “Aldamako kondea”ri buruz hitz egiten da, singularrean, baina izatez bi Aldamako kondeak egon ziren.

Leon XIII Aita Santua izan zen Aldamako Kondea tituluaren sortzailea, zein 1877ko urriaren 25ean José Gabriel Aldama Cambak erabiltzeko baimena lortu zuena. Sanlúcar de Barramedan jaio zen José Gabriel 1850. urtean eta oso merkatari garrantzitsua izan zen: bere ardoak Espainia eta Ameriketan saltzen ziren. Upategi eta mahaste ugari zituen “Aguilar y Cia” enpresak, osaba León Aldama Respaldizarena izandakoa.

León eta José Gabrielen aita, Pedro Aldama Respaldiza, Amurrioko Aldama auzoan zegoen Olarieta baserrian jaio ziren. Anai nagusienak ziren baina, hala ere, etxea utzi eta Sanlúcarrera emigratu ziren.

José Gabriel gizon boteretsu bilakatu zen baina ez zuen inoiz ezkondu, beraz XIX. mendeko bukaeran iloba bati beregana etortzea eskatu zion. Antonio Aldama Mendibil izan zen hori, Olarietan jaioa 1867an, José eta Damianaren lehenengo semea. Aitona Juan Aldama Respaldiza zen, hain zuzen José Gabriel eta Leonen anaia gaztea.

Antoniok Urduñako jesuitekin ikasi zuen eta gero Teologia egin zuen Salamankan. Baina ustekabean, zenbait pertsonen aholkua jarraituz, apaiza izateko bideari utzi zion eta Sanlúcar de Barramedara joan zen. Han osabaren negozioak hartu, Dolores Pruañorekin ezkondu, eta Aldamako Kondea titulua oinordetu zuen. Gainera Ayalako Markesa izendatua izan zen.

Aldamako bigarren kondea Espainiako merkatarik nagusienetarikoa izango zen. Politika arloan, integrista sutsua zen eta alderdi honekin diputatua izan zen Gorteetan, Azpeitiako barrutian hautatua. Baina negoziak okertu egin ziren, gero eta espiritualagoa bilakatzen zen bitartean. Horregatik jesuita bilakatu zen 1930an, hil baino 27 egun lehenago. Emaztea eta bost seme-alabak ere erlijiosoak izan ziren; adibidez, Jose Antonio Aldama Pruaño teologo ospetsua izan zen, Roma, Salamanka eta Granadan irakatsi zuena, eta gaur egun kanonizatu nahi dutena.

Dakigunez, lehenengo kondeak ez zuen Amurriorekin harreman berezirik izan. Zein izan zen bigarren kondeak izandako erlazioa? Batzuek “kondearen etxea” edo “kondearen jauregia” esaten diote suak hondatu zuen Olarieta baserriari, eta etxe horretan ontza urre pila bat zegoela esaten zen herrian. Kondaira baino ez da. Hasteko, kondea ez zen inoiz Olarietaren jabea izan: benetako jabea Restituto izeneko anaia izan zen, eta gero arreba batek oinordetu zuen. Bigarrenez, Olarieta ez zen inola ere jauregia izan. Egia da mendi asko zituela eta baserri garrantzitsua zela eta Restituto Aldamak kalitatezko materialekin berreraiki zuen Olarieta bere garaian. Baina baserria baino ez zen Olarieta, eta han bizi ziren aldamatarrak nekazari arruntak ziren. Beste asko bezala.

Dena den, Antonio Aldama Kondeak ez zuen Amurriorekin harremana galdu. Mendiko auzoan zuen etxe batean pasatzen zituen udak eta bai udalari bai elizari zenbait emaitza egin zien, baina ez herriko beste pertsonaia boteretsuek baino gehiago.

Deja un comentario