Ikazkintzatik lapurretara: Granizo eta enparauak

Ingurukoek diotenez, Altube mendietan Los Granizos izeneko bidelapur talde bat aritu zen, Andatoleta mendiko kobazulo batean gordelekua izango zutena. Ikazkinak izango ziren bidetik pasatzen zen jendeari eraso eta lapurtzen zioten gizon beldurgarri horiek. Hain beldurgarri, ezen alboko herrietako biztanleak ez ziren haiei aurre egiteko ausartzen, ezta pentsatu ere! Bere bizitzaz eta bere akaberaz, bertsio bat baino gehiago entzun ditugu, nahiz eta ziur dakiguna gutxi izan den orain arte. Benetako historia ezagutzeko, dokumentuek esango digute, galdetuz gero, taldeko joan-etorriei buruz.

Hemen, protagonista eta gertaera nagusien aurkezpena baino ez dugu egingo, hitzaurre moduan.

Protagonistak

Taldeko kideak gutxienez hiru izan ziren: José Goicoechea Aramendi, “Granizo” ezizenez, Lezaman jaioa, ikazkina eta nekazaria, ezkondua; José Maria San Sebastián, “Beasain” ezizenez, Gipuzkoako herri horretan jaioa, langile, ezkongai; eta Tomás Mendieta Ugarriza, “Piste” ezizenez, Orozkon jaioa, jornalaria eta ikazkina, ezkondua, bere aita ere bidelapurra izan zen garai batean. Lehenengo biak Ugazin bizi ziren, gaur egun Las Ventillas deitzen den auzo abandonatua (lau baserri egon zen: bi Oiardon eta beste biak Goiurin), Urkillotik hurbil, eta hirugarrena Astobitzan.

Dirudienez, beste bi gizonen laguntza izan zuten: Angel Zuloaga Lucandiz gazte orozkoarra, seguraski meatzetan lan egiten zuena, eta Fernando Guaresti Olaizola, Astobitzan Tomás Mendietaren ondoan bizi zena eta, gainera, Granizoren koinatu zena.

Gertaerak

Momentuz, haien lapurretaz ez dakigu hainbeste. Adibidez, ez dakigu noiz hasi ziren lapurtzen baina, gure ustez, ez ziren luzaroan ibili legez kanpo arituko. Bakarrik bi ekintzen berriak jaso ditugu. Lehena, Astobitzako Gregorio Elorza eta Angel Guesala eta Ugaziko Francisco Oyarzabali mehatxatu eta lapurtu egin zieten. Horregatik dio kondairak auzokoak guztiz beldurtuta zeudela, haiek lehenengo biktimak izan zirelako.

Los Granizosen bigarren ekintza aldi berean azkena izan zen: 1871. urtean atxilotu zituzten Gabriel Olabarriaren baserrian, Orozkoko Arrugaeta auzoan hain zuzen, lapurreta egiteagatik, pertsona batzuk kolpatu ostean.

Baina hau ez zen gizon hauen ibileraren bukaera izan. Hurrengo urtean, Tomás eta José “Granizo”k, Fernando Sautuarekin batera, Bilboko presondegitik ihes egin zuten eta Arrigorriagako geltokiari su eman zutela leporatu zieten gero. Ez dakigu non eta noiz baina berriro harrapatu zituzten eta orain zigor gogorragoak ezarri zizkieten: Santoña eta Valentziako kartzeletara bidali zituzten Tomás eta José.

Tradizioaren arabera, Granizos taldeko baten bat garrotez hiltzera kondenatu zuten, apaiza bat hil ostean. Baina, momentuz dakigunez, hau kondaira baino ez da, inor hil ez zutelako. Ordea, egia da Tomás Mendieta Santoñako kartzelan hil egin zen 1889an, han gutxi gorabehera 17 urte eman eta gero.

Zergatik?

Zerk bultzatu zituen auzokoei lapurtzera? XIX. mendeko bigarren zatia krisi garaia izan zen gure eskualdean. 1860 urte inguruan hasi zen okertzen egoera. Nekazaritzak ez zuen etekin handirik ematen eta gainera herrien eta biztanleen ekonomiak ahituta zeuden azken bi gerretako zerga handiak ordaindu eta gero. Gainera, hamarkada horretan trena ailegatu zen eskualdera eta horrek ohiko garraio-lanen beherakada ekarri zuen, are kaltegarriagoa izan zena mandazaintzan jende askok lan egiten zuen lur honetan. Azkenean, Bizkaiko industrializazioaren arrakastarekin batera azken burdinolak desagertu egin ziren eta, honen ondorioz, ikazkintzak nabarmena egin zuen behera.

Altube eta Gorbeia inguruan, ikazkintza oso garrantzitsua izan zen eta horregatik burdinolen desagerpenak kalte handia eragin zuen familia askoren ekonomietan. Pobrezia izan zen Altube inguruko gizon batzuei lapurtzera bultzatu zitzaiena.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s